R: Los ritos están muy presentes en nuestra sociedad y en nuestras vidas. También en el ámbito empresarial, ya que pueden ser herramientas muy valiosas para fortalecer la cultura de la empresa y la cohesión del equipo profesional.
Erritua edo ohikunea adierazpen-multzo bat da, gizarte edo talde baten baitan, maiz errepikatzen dena eta, gehienetan, modu beretsuan. Errituak, batez ere, balio sinbolikoa dauka, hau da, ekintza bera baino, ekintzaren esanahia da errituari indarra eta zentzua ematen diona.
Ohikuneak gizarte guztietako tradizio eta kulturen parte izan dira, testuinguru pagano zein erlijiosoan ospatu direnak, eta “sinesleei” esker denboran biziraun dute, urte luzez.
Erritu hitza entzuten edo irakurtzen dugunean, erraza da geure burura Amazonas-eko triburen baten irudia etortzea, esate baterako Yanomami tribua, eguzkiaren eta ilargiaren inguruko mito eta erritu ugari dituena. Izan ere, batzuetan, adierazpen horiek tribuekin, magiarekin eta okultismoarekin lotu izan dira.
Zeremonia-ekitaldi edo praktika sozial sinboliko horiek komunitatea elkartzea eta birsortzea dute helburu eta kultura primitiboetan dute oinarri. Errituek energia edo indar negatiboak albo batera uzteko erabiltzen ziren neurri handi batean. Herrien bilakaerarekin eta zenbait erlijioen eraginez, errituei lotutako ospakizunak aldatuz joan dira eta, zenbaitetan, erlijioari erabat lotu zaizkie eta, beste zenbaitetan, sorginkeriari.
Baina geure kulturan eta gaur egungo gizartean ere oso presente ditugu errituak, askotan konturatu egiten ez bagara ere. Hasierako esanahia galdu izanagatik, errituak gure garaietara iritsi dira indar handiz. Ospakizunez edo errituez inguratuta bizi gara, direla hiletak, ezkontzak, urtebetetzeak, ezkondu aurreko agurrak, jaiak… Praktika horiek gizarte-bilkuraren sustraiak mantentzen dituzte oraindik ere. Hori bai, gaur egun ez ditugu erritu moduan identifikatzen, gure egunerokotasunean zeharo normalizatuta dauden ekintzak dira eta erritu hitza naturaz gaindiko edo magikoak diren ospakizunekin lotzeko joera dugu orain.
Errituek belaunaldiz belaunaldi eta gizarte guztietan izan duten eragina kontuan hartuta, pentsa dezakegu, gaur egun ere indar handia dutela gizarteko esparru guztietan, baita enpresa munduan ere.
Errituak enpresaren kultura indartzeko baliabide eta aukera paregabea eskaini ahal digute. Talde-kohesioa, -ezagutza, elkarlana… sustatzeko hainbat erritu txertatu daitezke enpresaren kulturaren DNAn. Langile guztiek helburu berdinarekin eta norabide berean arraun egin dezaten.
Enpresaren kultura indartzeko errituak askotarikoak izan daitezke:
- Langile berriari harrera: Langile berri bat lanean hasten denean, harrerako erritua oso garrantzitsua da, hori izango baita enpresan lanean hasi den pertsona horrek erakundearekin eta lankideekin izango duen lehenengo hartu-emana. Lehenengo harreman horrek langile horren motibazioan eta lan egiteko moduan eragin handia izan dezake. Beraz, langile berrien harrera ongi antolatzea eta horri behar besteko denbora eskaintzea ezinbestekoa da.
- Langileen agurra: langile batek enpresari hilabete batzuetan edo urte luzetan egindako ekarpena eskertzea ere oso baliagarria izan daiteke. Alde batetik, langileak lankideengandik behar bezala agurtzeko aukera izan dezan, egin duen lana baloratua izan dela ikus dezan eta enpresaren inguruko oroitzapen polita izan dezan. Agurra modu askotan egin daiteke, bilera batean pertsona horrek egindako lana azpimarratuz, oparitxo bat eginez, bazkari bat antolatuz…
- Promozioak: langileak egindako ahaleginari esker bere garapen profesionalean eman dituen aurrerapausoak ere balioan jartzea positiboa da. Lan-kategoria edo lan-baldintzak hobetzea lortu duen langilea zoriontzea ere neurri egokia da langileen asebetetzea indartzeko eta inguruko lankideak ere bide hori egitera animatzeko.
- Urtebetetzeak, heriotzak, jaiotzak, lorpen pertsonalak: langileen bizitza pribatuarekin lotutako ekintzen inguruan ere errituak antolatu daitezke. Esate baterako, urtebetetze-egunetan urteak bete dituen langilea zorionduz, langileren baten senideren bat hil denean doluminak bidaliz eta lankideei jakinaraziz, langileen lorpen pertsonalen zabalkundea eginez (sari bat irabaztea, ikasketa batzuk amaitzea…)
- Lorpenak: Enpresak ezartzen dituen helburuak lortzen direnean edo lortzeko bidean mugarri garrantzitsuak ematen direnean, horiek ere ospatu daitezke, era askotan. Enpresa bakoitzak egokien ikusten duen moduan egin dezake baina lorpen horien ospakizunak langileen motibazioan eragingo du, dudarik gabe.
- Taldeko bilerak:
Taldeko bilerak ere erritu moduan uler ditzakegu. Finean, elkarlanerako guneak dira eta lankide guztiek elkarren berri izateko uneak eskaintzen dituzte. Bilerak antolatzeko moduak errituari indar handiagoa edo txikiagoa emango dio. Esate baterako, taldeko bileretan oso positiboa izan daiteke langileen arteko harremanak lantzeko guneak sortzea, langile bakoitza zer moduz dagoen jakiteko, izan ditzakeen kezkak edo beldurrak azalerazteko, ideia berriak proposatzeko…
- Talde-irteerak: aisialdiari lotutako errituak ere proposatzen ditugu enpresaren kultura indartzeko. Noizean behin lantokitik irten eta eremu informalago batean elkartzea oso baliagarria izan daiteke, lan kontuez gain, bestelako kontuei buruz ere aritzeko. Horrela, enpresak talde-irteerak antolatu ditzake, txangoak, mendi-ibilaldiak, enpresaren batera bisita…
Ikusi dugunez, errituz inguratuta bizi gara eta errituek funtzio garrantzitsua bete izan dute eta betetzen dute gure gizartean. Beraz, Yanomami tribuko kideek egiten duten moduan, gure enpresan ere talde-kohesioa lortu nahi badugu, oso interesgarria izango da kohesio horretan lagunduko duten ekintzak amestea, irudikatzea eta horiek erritu bihurtzea.