Balioak pertsona, talde edo gizarte baten printzipioak dira. Berez, kontzeptu abstraktuak badira ere, pertsonek garatzen ditugun ezaugarri eta jarreretan agertzen dira beti.

Gizarte batean, arrazoi ugari dela medio, balio-desberdintasunak izaten dira taldeen artean: gizarte-klasea, orientabide ideologikoa, erlijioa… Eta inoiz balio-desberdintasun horiek gatazken iturburu bilakatu daitezke.

Ume garenetik hasten gara balioak barneratzen, konturatu gabe. Lehendabizi, gure oinarrizko beharrak asetzen dituzten gauza horiei guztiei ematen diegu garrantzia eta, batez ere, gure beharrak asetzen dizkiguten pertsonei: ama, aita, senideak, lagunak, zaintzaileak, irakasleak… Gure izaera eta nortasuna hezten gaituzten horien jarrera eta jokabideekin elikatuz eta osatuz doa. Beraz, jarrera horiek geure baitako sinesmen eta printzipio garrantzitsuenak bilakatzen dira, sozializazio prozesuaren bidez.

Hasiera batean, gurasoen edo zaintzen gaituzten senideen eta lagunen jokaerak gure hezkuntzaren funtsa badira ere, aurrerago, bestelako balioak eta ikuspegiak jasotzen ditugu, gizartean erabat murgiltzen garenean. Eta horiek guztiek, zalantzarik gabe, aberastu egiten gaituzte. Egia da gure etxeko balioekin talka egin dezaketela batzuetan, edo barneratu ditugun balioak indartu eta aberastu besteetan, eraldatu.

Bizitzaren ibilbide osoan zehar ari gara gure balioen kutxa osatzen, kutxaren hondo-hondoan beti sinesmen batzuk geratuko direlarik eta, aldi berean, bizipen berriak izan ahala, kutxaren edukian aldaketak izango ditugularik. Eta, horrela, bizi dugun unearen arabera, balio batzuek beste batzuek baino pisu handiagoa izango dute: dela errespetua, laguntasuna, leialtasuna, malgutasuna, enpatia… Hainbeste dira gure kutxan gorde eta kutxatik atera ditzazkegunak…  

Eta ARETÉ ACTIVAn, gure proiektuen bidez pertsona askoren balioen kutxan haziak ereiten ari gara, lorategi ederra osatuko dugulakoan.  

Norberaren bizipenetan oinarritutako ekintzak bideratzen ditugu ikastetxeetan, ikasleei, irakasleei eta familiei zuzendutakoak. Hala nola, trebakuntza-tailerrak, gizarte-antzerkia, parte hartzeko talde-dinamikak…. Horien bidez, bizikidetza sustatzeko balioak zabaldu eta besteekin errespetuz eta elkarlanean bizitzeko gaitasuna indartu nahi ditugu.

Hori horrela, gure helburu nagusia da enpatiarekin, elkarbizitzarekin, errekonozimenduarekin lotutako oinarrizko balioak ereitea, ereindako hazi horien bidez gizarte hobea eta justuagoa lortuko dugula sinestuta. Herritarrak, eta batez ere belaunaldi gazteenak, bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren aldeko kulturan murgildu nahi ditugu. Gure ustez, lan hori funtsezkoa da herritarren artean eman daitezkeen haustura sozial berrien agerpenari aurre egin nahi badiogu.

haziak

Eta balioen kutxan haziak ereiten jarraituko dugu:

  • Ardura
  • Borondatea
  • Elkartasuna
  • Errespetua
  • Enpatia
  • Maitasuna
  • Barkamena
  • Esker ona
  • Eta beste hainbeste…

Horrela, gure lorategiak kolore eta forma guztietako loreak izango ditu, altuera eta zabalera desberdinetako landareak, itzala ematen eta babesten gaituzten zuhaitzak, bidea leuntzen digun belarra. Eta ereindako hazi txiki horiek garatzen eta handitzen direnean, bizitzeko arnastu behar dugun airea ere eskainiko digute.

Zeu ere hazia ereiteko prest?

Egiten dugun lanari buruz gehiago jakin nahi duzu? Egin klik hemen.